Uztailaren 10ean Gipuzkoako Urak-en eskutik Baliarrainen dagoen Ibiur urtegia, edateko uraren araztegia eta ur zikinen edo hondakin uren araztegia bisitatu ahal izan genuen, eskualdeko alkate eta zinegotziekin batera. Adunan eraiki duten araztegia ez dute guztiz amaitu, baina dagoeneko martxan jarria dute. Tolosaldean, Adunan eraiki berri duten araztegiarekin bukatutzat ematen dute uraren ziklo osoa. Herri eta auzo batzuk oraindik kolektore nagusira konektatzea falta dela esan ziguten baina 2 urteko epean arazo hau konpontzea aurreikusten dute.
Duela urte batzuk atzera eginez gero, «Tolosaldean ez zegoen ezer, eta gaur egun, ura pilatzeko urtegia dugu. Ur hori edangarri bihurtzen duen araztegia ere badugu, eta bukatzeko ur zikinak tratatzeko instalazioa falta zitzaigun», esan zuen Elosegik, Gipuzkoako Urak en ordezkariak.
Hondakin uren araztegia 92.247 biztanlerentzat dago diseinatua, eta, gehienez ere, 5.314 m3/h emaria arazteko dago prestatuta. Behin guztia bukatu eta martxan jartzen denean, Oria ibaiak Tolosaldea zeharkatzen duen zatiak ere itsura garbiagoa izateaz gain, kalitate hobeagoa duen ura izango du.
Tolosako Udaletik gure esku dagoen guztia egingo dugu, horrela izan dadin eta goiko irudian agertzen den moduan, umeak Orian bainatzen ikustea zerbait arrunta eta ohikoa izatea lortu behar dugu.